Gazteekin laguntza-sarerik gabe eta gizarte-zaurgarritasun egoeran dauden gazte migratzaileei zuzendutako programa sozioedukatiboa da. Bere helburua gazte horiei gizarte-, prestakuntza- eta lan-inklusiorako ibilbide pertsonalizatuak eraikitzen laguntzea da.

Programa Uribe eskualdean garatzen da (Getxo, Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz), eta lurraldeko gazteentzako inklusio eta aukeren aldeko Estrategia Bizkaiasare 2030 – Bizkaia Gazteak estrategiaren barruan kokatzen da.

Gazteekin 2025ean jarri da martxan lehen aldiz, eta gutxienez 2027ra arte jarraitzea aurreikusten da, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Getxoko Udalaren eta Uribe Kostako Mankomunitatearen laguntzarekin.


Nori zuzenduta dago?

Gazteekin programa 18 eta 29 urte bitarteko gazte migratzaileei zuzenduta dago, gizarte-zaurgarritasun edo bazterketa arriskuko egoeretan daudenei.

Gazte askok familia edo komunitate-sarearen laguntzarik gabe iritsi dira, eta honako egoeretan egon daitezke:

  • Kalean edo aldi baterako ostatu-baliabideetan bizitzea.
  • Administrazio-egoera erregularizatzeko prozesuan egotea.
  • Hizkuntzarekin zailtasunak izatea (gaztelania edo euskara).
  • Baliabide ekonomikorik edo laguntza-sarerik ez izatea.
  • Prestakuntza maila baxua edo ikasketak homologatzeko zailtasunak izatea.
  • Migrazio prozesuarekin lotutako zailtasun emozionalak bizitzea, hala nola bakardadea, ziurgabetasuna edo frustrazioa.

Zailtasun horiek gorabehera, gazte hauek askotan motibazio handia dute prestatzeko, lan egiteko eta euren bizi-proiektua eraikitzeko.


Programaren helburuak

Gazteekinen helburu nagusia da gazteei gizarte- eta lan-inklusiorako prozesuan laguntzea, ibilbide pertsonalizatuen bidez.

Horretarako, banakako eta taldeko jarduerak garatzen dira, besteak beste:

  • Trebetasun sozial eta pertsonalak garatzea eta ingurunean parte-hartzea sustatzea.
  • Bizitza autonomorako gaitasunak indartzea (etxeko kudeaketa, oinarrizko ekonomia, ohitura osasungarriak…).
  • Hasierako prestakuntza eta gaitasun teknikoak eskaintzea, lan-merkatuan sartzea edo prestakuntza espezializatuetara iristea errazteko.
  • Lan-merkatuaren eta prestakuntza aukeren ezagutza hobetzea.
  • Inklusio prozesuan aurrera egiteko beharrezkoak diren eskubideetarako sarbidea eta administrazio-izapideak erraztea (dokumentazioa, etxebizitza, prestakuntza, etab.).

Programa ikuspegi prebentibo, komunitario eta inklusibo batetik garatzen da, eta gazteak euren prozesuaren protagonista dira, beren prestakuntza- eta lan-ibilbidea eraikitzen aktiboki parte hartuz.


Sarean lan eginez

Gazteekin administrazio publikoekin, hezkuntza-zentroekin, gizarte-erakundeekin eta tokiko enpresekin koordinatuta garatzen da.

Sare-lan horri esker, gizarte- eta lan-inklusiorako benetako aukerak sortzen dira, eta, aldi berean, ingurunea sentsibilizatzen da zaurgarritasun egoeran dauden gazte migratzaile askok bizi duten errealitatearen inguruan.

Skip to content